Gaur egun, medikuntza doitasunerantz aurrerapausoak ematen ari da, eta neurrira egindako tratamenduak bilatzen dira. Horregatik, CIDETEC-eko biomaterialen taldea nanopartikula polimerikoetan eta nanoemultsioetan oinarritutako drug delivery sistema desberdinak diseinatzen eta sintetizatzen ari da, behar horietara egokitzen diren lipidoak eta polimeroak konbinatuz.
Horretarako, delivery-plataformak diseinatzean aintzat hartzen du farmakoa emateko modua, gainditu beharreko askotariko hesiak eta garraiatu beharreko farmako mota.
Mikrobioen aurkako erresistentzia errealitate bat da jada, eta CIDETEC-en antibiotiko batzuen propietateak hobetzeko balio duten drug delivery sistemak garatzen dira, antibiotiko horien egonkortasuna hobetuz, toxikotasuna murriztuz, zinetika aldatuz edo biogeruza degradatzeko aukera ematen duten entzimekin konbinatuz.
Ildo beretik, urteak daramatza nanoantibiotikoen diseinuan eta sintesian lanean, eta pneumonia-ereduetan edo, berriki, kirurgiaren ondorengo infekzioetan egin dira probak nanoantibiotiko horiekin.
Terapia aurreratuei eta terapia genikoei esker, aukera mordoa sortu dira gaitz jakin batzuk modu berritzaile batean tratatzeko.
Hala eta guztiz ere, bektore biralak erabiltzeak muga batzuk sortzen ditu, ez delako erraza eskalatzea eta haien segurtasuna mantentzea. Horregatik, RNA kapsulatzeko plataforma berrien garapena ikertzen ari da CIDETEC. Horretarako, besteak beste, polikonplexuak, nanoemultsioak eta polilipokonplexuak erabiltzen ditu.
CIDETEC-ek diziplina arteko ikerketa-talde bat dauka, farmakoak azalaren bidez emateko bereziki diseinatutako teknologia garatzeko. Talde horretan, polimero eta koloideen adituak, bioingeniariak, biokimikoak eta farmazialariak daude.
Ikerketa-ildo horren helburua da, azalaren ezagutzan oinarrituta, osagaiak behar diren tokietan eta modu zehatzean askatuko dituzten sistemak diseinatu ahal izatea.
Gainera, jarduketa-ildo garrantzitsuenetako bat ingurumenarekiko arduratsuagoak diren sistemak garatzea da. Horretarako, emultsionatzaile biodegradagarriekin egiten da lan.
CIDETEC-ek hidrogeletan eta estaldura bioaktiboetan oinarritutako biomaterialak garatzen ditu, medikuntza-gailuetan aplikatu ahal izateko.
Ildo horri dagokionez, bi ikerketa-eremutan egiten du lan, traumatologian eta oftalmologian, hidrogelek oso funtzio garrantzitsua baitute arlo horietan.
Gainera, kolaboratzaile ugari ditu Europa mailan, medikuntza-gailuak garatzeko Europako Batzordeak sustatutako bi Open Innovation Test Bed proiektutan (TBMED, MDOT) parte hartzen baitu.
Kosmetikaren sektoreak ere badu produktu efizienteak eta ingurumenarekiko arduratsuak garatzeko beharra.
CIDETEC Nanomedicine-k funtzio anitzeko koloide biodegradagarriak garatzen ditu, osagai kosmetikoen eraginkortasuna hobetzeko. Polimero naturalak erabilita, ingurumena errespetatzen duten kapsulatze-sistemak lortzen ditugu.