Azalean aplikatzeko kapsulatze-sistemak

Azalean aplikatzeko kapsulatze-sistemak

Azalaren prozesu biologikoaren ezagutza oinarri hartuta, CIDETEC Nanomedicine-k osagai aktiboak azalean zehar garraiatzen dituzten kapsulatze sistemak diseinatzen ditu, kosmetika segurua eta eraginkorra lortzeko.

Zentroak eskaintzen dituen soluzioek merkatuaren premiei erantzuten diete; izan ere, aktibo sentikorrenak babesten dituzte, ingurumenarekiko arduratsuak diren soluzioak dauzkate, eta osagaien eraginkortasuna hobetzen dute.

Patenteak

Azalaren estimuluei erantzuten dieten polipeptidoetan oinarritutako nanoemultsioak

Teknologia horrek polipeptidoak erabiltzen ditu nanoemultsioak sortzeko, ura oliotan edo olioa uretan nahastuta. Horri esker, osagai kosmetiko hidrofoboak nahiz hidrofiloak kapsula daitezke.

Sortzen diren nanoemultsioek kanpoko estimuluei erantzuten diete, hala nola pHari edo entzimen presentziari, errazagoa izan dadin osagaiak ekintza-eremuan askatzea.

Polisakaridoetan oinarritutako emultsionatzaile berdeak

Kimikoki aldatutako azido hialuronikoa uretan modu egonkorrean emultsionatzea lortzen da, 500 nm inguruko tantetan, eta bertan kapsulatzen dira osagai kosmetikoak.

Azido hialuronikoak funtzio bikoitza dauka; batetik, ingurumena errespetatzen duen emultsionatzaile berde gisa funtzionatzen du eta, bestetik, konposatu aktibo baliagarri bat da.

Aplikazioak

Kosmetikaren sektorean, epidermiseko bioerabilgarritasuna areagotuz kapsulatutako osagaien eraginkortasuna hobetzen duten teknologia moldakorrak garatzen ditugu.

Laborategi-eskalan lan egiten dugu, eta osagaiak azal-ereduetan in vitro frogatzen ditugu, gure instalazio pilotura eskala ditzakegun prototipoak hautatzeko.

Sektore honetan, gure kasu arrakastatsuak dira gure bermea; izan ere, produktu batzuk merkatuan baititugu jada.

Osagai aktiboetarako kapsulatze-sistema bat, desberdin jokatzen duena azalaren beharren arabera

Emissary Cosmetics enpresarekin batera, aktiboen eraginkortasuna 50 bider hobetzen duen kapsulatze-sistema bat garatu du CIDETEC.

Teknologia hori jada probatu da kontsumitzaileen artean. Osagai kosmetikoak geruza korneoaren bidez garraiatzen dira, eta epidermisean modu eraginkorrean askatzen, azalaren pHaren aldaketa naturalari edo inflamazio-prozesuetan metaloproteasa topatzeari erantzunez. Beste kapsulatze-sistema batzuk ez bezala, sistema hau diseinatuta dago azala kaltetuta ez dagoenean farmakoa pixkanaka-pixkanaka emateko, eta azala kaltetuta dagoenean ( dermatitisaren kasuan), aldiz, farmakoa azkarrago askatzeko.

Abantailak

  • Aktiboak egonkorragoak dira.
  • Aktiboek bioerabilgarritasun eta eraginkortasun handiagoa dute.
  • Azalean aktiboki askatzen da: azala osasuntsu badago, motelago, eta kaltetuta badago, azkarrago.

Olioak eta osagai kosmetikoak kapsulatzeko azido hialuronikoa

Azido hialuronikoa, kosmetikan asko erabiltzen den osagai aktibo bat izateaz gain, emultsionatzaile gisa ere erabiltzen da, olioak eta osagai kosmetikoak geruza funtzional batekin estali eta harrapatzeko gai baita.

Horrela, efektu sinergikoak lortu nahi dira azido hialuronikoaren eta kapsulatutako osagaien artean, haien eraginkortasuna areagotzeko bai produktu kosmetikoetan, bai goi-kosmetikan.

Abantailak

  • Emultsionatzaile oso biobateragarria eta biodegradagarria.
  • Osagaiak pixkanaka-pixkanaka askatzeko aukera ematen du.
  • Gainera, osagai hidrofiloak eta hidrofoboak kapsulatzeko aukera ematen du.
  • Entzimen aurrean degradatu egiten da.